Cargando…

Eraldaketa digitala nekazaritza eta abeltzaintzaren sektorean, Datagri Foroaren helburua  

Aste honetan DATAGRI Foroaren VI. edizioa izan da Logroñon, eta bertara joan gara UAGAtik, nekazaritza- eta abeltzaintza-sektorearen eraldaketa digitalaren azken joerak eta berrikuntzak ezagutzera. Nekazaritza-sektoreko 1.500 profesional inguruk hartu dute parte edizio honetan, eta, aurreko urteetan bezala, COAGek antolatu du, beste eragile batzuekin batera.

Lehen jardunaldian, hitzaldi eta mahai inguruetan adimen artifizialaren eta digitalizazioaren integrazioari eta lehen sektorean dituen aplikazioei buruz eztabaidatu da. Hala, Ustiapen Digitalaren Koadernoaren inplementazioa, eremuan aplikatutako sentsorikari buruzko proiektuak, energia agriboltaikoaren inplementazioa eta ustiategietan teknologien integrazioa jorratu ziren. Hauekin batera, klima-aldaketaren aurkako eraginkortasun handiagoa lortzeko edo ekonomia zirkularrarekin eta nekazaritza-azpiproduktuen balorizazioarekin lotutako proiektuak azaldu ziren.

Bigarren jardunaldia praktikoagoa izan zen, teknologia hori nekazaritzan eta abeltzaintzan zuzenean aplikatzeko integratu duten hainbat enpresen erakustaldiekin. Erakusketa ezberdinak egon ziren: droneekin produktu fitosanitarioen aplikazioa, ongarrien eta fitosanitarioen dosifikazio aldakorraren aplikazioa, roboten erabilera mahastien doitasunezko nekazaritzan edo GPS teknologiaren erabilera ganadu estentsiboa kudeatzeko.

UAGAk hainbat urte daramatza berrikuntza- eta lankidetza-proiektueak gauzatzen, horietako asko lehen sektorearen digitalizazioarekin lotuta, nekazariei eta abeltzainei beren ustiategien kudeaketan lagunduko dieten tresna horiek integratzeko helburuarekin. Proiektu guztiak esteka honetan ikus ditzakezu.

+INFO HÉCTOR:  618 670 869