Cargando…
uvas recién vendimiadas

UAGAk Errioxako JDKren ekoizpen-datuak aztertu ditu

Aste honetan UAGAko mahastizaintza- eta ardogintza-arloa sektorearentzat garrantzitsuak diren hainbat gai jorratzeko bildu da.

2023ko mahats-bilketa honen ekoizpen-datuak aztertu dira. JDK osoan 377 milioi kg mahats jaso (328 mahats tinta eta 49 mahats zuri) eta 260 milioi litro ardo ekoiztu dira. Arabako Errioxan, ekoizpen babesgarria 75,5 milioi kg-koa izan da; horietatik 7,2 mahats zuriari dagozkio eta 68,3 mahats tintari.

Aurtengo salmenten estimazioa kontuan hartzen badugu, upategiek jada duten stock-arekin batera, berriz ere ekoizpen-soberakinaren aurrean aurkitzen gara. Izan ere, kanpaina honetan aplikatu diren euste-neurriak (mahats-bilketa berdea, destilazioa, etab.) ez dira nahikoak izan izendapenean gehiegizko stockari eusteko. Horregatik, aurten ere neurri murriztaileak beharko direla aurreikusten da, ahal den neurrian ardoaren biltegiratze handiagoa mugatzeko.

Bileran gai hauek ere aztertu dira: Kontseiluaren 2024rako aurkeztutako aurrekontuak, adimen artifizialeko sistema berriarekin egindako ekoizpen-ikuskapenen datuak, ardoak kalifikatzeko eta ziurtatzeko prozedura orokorrean egindako aldaketak, edo Eusko Jaurlaritzak ordaintzeko dituen aparteko zuzeneko laguntzen egoera.

Azkenik, UAGAk jakinarazi du mahastizaintzako eta ardogintzako ustiategiek likideziarik ez badute, Eusko Jaurlaritzari finantzaketa-lerro berri bat abian jartzea proposatuko diola.