Cargando…
Mastín español

Aldundiak basa-faunak abeltzaintzari egiten dizkion erasoak prebenitzeko ematen dituen laguntzak uztailaren 31ra arte eska daitezke

Arabako Foru Aldundiak ekainaren 30ean argitaratu zuen Lurraldeko abeltzaintzako ustiategietan abereen babesa hobetzeko prebentzio-neurriak ezartzeko laguntzen deialdia.

Laguntza horiek hesi eramangarriak, artzain elektrikoak, geolokalizazio-gailuak eta mastin-txakurrak erostera bideratuta daude, eta 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera egindako gastuak dirulaguntzetan sartzen dira. Behiak, haragitarako zaldiak, ardiak eta ahuntzak ekoizteko eta ugaltzeko sailkapen zooteknikoa duten abeltzaintza-ustiategiek eskatu ahal izango dituzte.

Laguntzaren zenbatekoa kostuaren % 50era irits daiteke, eskaera eta deialdi bakoitzeko 6.000 euroko mugaraino. Mastinak erosiz gero, gehienez 600 euroko laguntza izango da txakur bakoitzeko, eta, txakurraren mantentze-lanen kasuan, gehienez 500 euro txakur eta deialdi bakoitzeko.

Eskaera aurkezteko epea uztailaren 31n amaituko da. Eskaera ohiko erregistroetan egin daiteke, eta, pertsona juridikoen kasuan, nahitaez egoitza elektronikoaren bidez, esteka honetan.

Laguntzen dekretua eta deialdia hemen eskura ditzakezu.