Cargando…
Parque fotovoltaico

Eusko Jaurlaritzak % 75 murriztu nahi ditu interes publikoko proiektuetarako administrazio-epeak, hala nola parke fotovoltaikoetarako

Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburuak eta Amaia Barredo Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak “Jarduera Ekonomiko Jasangarria Errazteko eta Arintzeko Premiazko Neurrien Legea” aurkeztu dute aste honetan. Lege berri horrek sinplifikatu egingo lituzke interes publikoko proiektuak onartzeko prozesuak, proiektuaren arabera izapidetze denborak % 30 eta % 75 artean murriztuta.

Proiektu batek sinplifikazio administratiboko prozesu hori eskura dezan, lege berriak “Interes Publiko Goreneko Proiektua” (PIPS) figura berria sortu du eta hor sartuko liratezke sare elektrikoen jarduketak eta handitzeak edo energia berriztagarrien proiektuak.

Horren aurrean, ondorioztatzen dugu Eusko Jaurlaritzak interesgarriagotzat edo lehentasunezkoagotzat jotzen dituen proiektuek aurrera egingo dutela, eragileek azken emaitzan eragiteko duten gaitasuna murriztuz. Hainbat prozesu kendu baitaitezke, hala nola organismoei kontsulta egitea, jendaurreko informazioaren prozesua edo entzunaldiaren izapidea.

UAGAk eszeptizismo handiz jaso du lege berri hori, xehetasunez ezagutu gabe ere -ez baitzaigu aurkeztu-; izan ere, batzuen interesa eta izapidetzearen arintasuna lehenesten dira, gizartearen eta hura osatzen duten erakundeen proiektuetan parte hartze publikoa izateko gaitasunaren aurretik. Sailburuak adierazi zuen legedi horrek “prozedurak sinplifikatzen dituela, bikoiztasunak ezabatzen dituela eta nekazariek, abeltzainek, arrantzaleek, elikagai-industriek eta tokiko erakundeek beren proiektuak bizkortasun eta segurtasun juridiko handiagoz garatzeko aukera ematen duela”. Hala ere, beldur gara hitz onak esan arren, proiektu fotovoltaikoak arintzeko baino ez duela balioko, eta ez burokrazia kentzeko.