
UAGAk 43. Batzar Orokorra egin du: elkartuta egotea inoiz baino beharrezkoagoa da, sektorearen etorkizuna bermatzeko
UAGA Arabako Nekazarien Elkarteak gaur egin du Estibalitzen 43. Ohiko Batzar Orokorra. Sektorearen etorkizunaren alde elkartuta leloarekin, Javier Torre UAGAko lehendakaria pozik azaldu da, Covid-19aren ondoriozko osasun-arrazoiengatik bi urtez batzarrik egin ezin ondoren, UAGAko afiliatuak berriro elkartu ahal izateaz, eta sektorearen batasuna aurkezten zaizkigun erronkei aurre egiteko funtsezko balioa dela berretsi du.
Bizi izaten ari garen egoera politikoak eta ekonomikoak markatu dute, nola ez, batzarra. Nekazaritza-sektorea dagoeneko kalte handiak jasaten ari zen ekoizpen-kostuen igoera handiagatik eta, orain, Ukrainako gerrak elikadura-segurtasuna kolokan jarri du, Europan eta munduan.
Egoera horren aurrean, UAGA etengabe ari da tokiko, erkidegoko eta nazio mailako administrazio guztiekin elkarrizketak izaten, garrantzi handiko gaiei buruz, hala nola gobernuak energiaren eta erregaien sektorean lehenbailehen esku hartu beharrari buruz, gehienezko prezioak finkatuz; Elikadura-kateari buruzko Legea bete dadin exijitzeko legezko mekanismoa ezartzeko beharrari buruz, kontratuek gutxienez ekoizpen-kostuak estal ditzaten ziurtatuz; eta hurrengo Nekazaritza Politika Erkideari (2023-2027) buruz, oraindik batere argi ez dauden alderdiekin, baldintzagarritasun indartu berria eta ekoerregimenak kasu, nekazariek egin behar dituzten laborantzen programazio-erabakietan inpaktua izango dutenak.
Javier Torre adierazi du, bestalde, UAGAk orain dela urte batzuetatik sindikatuaren funtsezko proiektuetako bat dena lehenesten jarraituko duela: berrikuntza eta teknologia berrien erabilera bultzatzeko proiektua, hain zuzen ere, ustiategi eraginkor eta jasangarriagoak izatea lortzeko.
Azkenik, martxoaren 20an Madrilen egingo den manifestazioan parte hartzeko deialdia egiten du UAGAk ; manifestazio horren helburua da landa-ingurunerako etorkizun bat aldarrikatzea eta landa-ingurunearen motorrak diren nekazaritzaren eta abeltzaintzaren bideragarritasuna defendatzea, landa-munduko tradizioak, erabilerak eta ohiturak kontserbatzea, eta landa-ingurunea bizirik mantentzea.