Lehen sektorearen mobilizazio historikoa Araban
Arabako lehen sektoreak bere indarra eta aurrera egiteko gogoa erakutsi du egunotan. Mobilizazio historikoak bizitzen ari gara, orain dela asko eman ez direnak.
Nekazariek eta abeltzainek protestekin bat egiteko deiari erantzun diote, helburu bakar batekin: gure lanetik bizitzen jarraitu ahal izatea.
Asteartean 500 traktore inguru atera ziren lurraldeko bazter guztietatik Gasteizera iristeko. Jundizen lehen geldialdia eginda, industrialdea eta elikagaien korporazio handien plataforma logistikoak geldiarazi zituzten. Arratsaldean, Buesa Arenara irten ziren eta bost ordu baino gehiago eman zituzten autobian.
Asteazkenean traktoreak hirira sartu ziren, Eusko Jaurlaritzara iristeko autobia eta Gasteizko erdigunea kolapsatuz. Exekutiboaren atarian ohar bat irakurri zen, osorik hemen deskargatu dezakezu.
Ostegunean, mobilizazioa Eusko Legebiltzarraren atarira mugitu zen, eta Euskal Herria Bizirik-ek deituta, Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Legearen tramitazioaren aurka protesta egin zen. Sektoreko ehun pertsona baino gehiagok goiz osoan kontzentrazioarekin bat egin zuten.
Gaur, ostirala, laugarren protesta eguna izan da. 400 pertsona inguru, zenbait traktorerekin batera, Mendizabalako aparkalekutik abiatu dira Foru Aldundira iristeko. Bi ordu baino gehiago eman dituzte bertan bilduta, UAGAk Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiarekin izan duen bilera noiz amaituko zain.
Bilera ona izan da eta aurrerapausoak eman dira, baina oraindik aldarrikapen asko daude egiteke. Sektoreak egun hauetan erakutsi duen indarrak eta batasunak aurrera jarraitu behar du, eta mobilizazioekin jarraituko dugu. Datozen egunetan UAGAk jardunaldi hauen balorazioa egingo du eta otsailaren bigarren hamabostaldirako aurreikusita dauden eskualde-batzarretan hartutako konpromisoak oinarrietara helaraziko ditu.
Hemen ikus dezakezu egun hauetako argazki eta bideo galeria.
