Cargando…

Lehen sektoreak gizartean duen izaera estrategikoa exijitzen du eta haren heriotza saihesteko guztion erantzukizuna eskatzen du

Atzoko manifestazioak mezu argia zuen: gizarteari eta erakundeei ohartaraztea, horrela jarraituz gero, sektorea desagertu egingo dela.

Ibilbidearen ondoren, UAGAko Batzorde Exekutiboak komunikatu bat irakurri zuen, manifestazio hori egitera bultzatu gaituzten arrazoiak azaltzeko. “Tamalez, lehen sektorea bizirik irauteko borrokan ari den errealitate triste baten aurrean gaude”, adierazi zuen Edurne Basterra presidenteak. Prezio baxuen egoera, merkatuen lehia desleiala, burokrazia itogarria, babesik eza edo AHT, eguzki-plakak edo goi-tentsioko lineak bezalako proiektuak mehatxu horien parte dira, eta ezin gara besoak gurutzatuta geratu gure ustiategiak pikutara doazen bitartean”, esan zuen Nagore Ruiz de Zaratek.

Erakundeei ahoa betetzen zaie lehenengo sektorea estrategikoa dela esaten dutenean. “Ez dugu onartuko horrela hitz egiten jarraitzea, nekazaritza- eta abeltzaintza-sail propiorik gabe uzten gaituzten bitartean eta iraunkortasuneko eta natura-inguruneko departamentuan sartzen gaituzten bitartean. Honekin erakundeentzako lehentasunak zeintzuk diren erakusten digute eta argi dago nekazaritza eta abeltzaintza ez direla lehentasunak”, azpimarratu zuen Edurne Basterrak.

Itxaso Compañonek sektoreari ezartzen zaion kriminalizazioa eta gazteek sektorean sartzeko dituzten zailtasunak aipatu zituen. “Duintasunez lan egin nahi dugu. Gutaz hauteskundeak iristen direnean bakarrik gogoratzen zarete”.

Nagore Ruiz de Zaratek sektorearen aldarrikapenak zerrendatu zituen, eta gizartearen konpromisoa, sektoreari zuzendutako neurri zehatzak eta politikak, Nekazaritza eta Abeltzaintza Saila izatea eta, batez ere, prezio justuak eskatu zituen, Elikadura Katearen Legea betetzeko. “Diruak ez du dena erosten”.

Amaitzeko, Edurne Basterrak ekintzarako deia egin zuen: “Kontua ez da bakarrik lehen sektorea babestea, gure nortasuna, kultura eta sustraiak zaintzea baizik. Bada garaia denok bat egitea sektore honentzat etorkizun oparoa eta iraunkorra bermatzeko”. Bukatzeko, honako hau adierazi zuen: “UAGAtik nekazaritzaren eta abeltzaintzaren sektore biziaren alde borrokatzen jarraituko dugu, lan-proiektu bakoitzaren atzean dauden pertsonekin, landa-ingurunea eta gure ingurune naturala baldintza ezin hobeetan mantentzen duten pertsonekin. Arabako gizartearen babesa eskatzen dugu eta erakunde guztien errespetua exijitzen dugu. Entzun gaitzatela eta gure proposamenak kontuan har ditzatela nahi dugu. Argi izan behar dute gure lurraldeko nekazal lur zentimetro bakoitzeko borrokatuko dugula”.

Ohar osoa hemen irakur dezakezu.