UAGAk Eusko Legebiltzarrean agerraldia egin du, Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Lege Aurreproiektuari buruz duen iritzia emateko
Aste honetan, UAGAk agerraldia egin du Eusko Legebiltzarreko Iraunkortasun, Ingurumen eta Ingurune Naturalaren Batzordean, Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Legearen Aurreproiektuari buruz duen jarrera azaltzeko.
Edurne Basterra UAGAko presidenteak nekazaritza eta abeltzaintzako sektoreak trantsizio energetikoarekin, emisioen murrizketarekin eta klima-aldaketara egokitzearekin duen konpromisoa defendatu zuen. Energia berriztagarrien proiektuak, askotan, nekazaritza-sektorearen kontura egin nahi dituztela ohartarazi zuen. UAGAk azpimarratu zuen, beste behin ere, parke fotovoltaikoak nekazaritza-erabilerarik gabeko lursailetan, lursail ez-emankorretan edo sortutako inpaktua ahalik eta txikiena den beste leku batzuetan kokatu beharko liratekeela. Hau da, gaur egun landa-eremuan garatzen diren jarduerak errespetatuz, izan ere, herritarrentzako elikagaiak sortzen dituztenak eta paisaia naturala mantentzen laguntzen dutenak dira.
Ildo horretan, gogorarazi zuen planteatzen ari diren gai batzuk Nekazaritza Politikako Legearen kontra egon daitezkeela. Izan ere, lege horrek nekazaritza-lurraren defentsa egiten du, balio agronomikoagatik ez ezik, biodibertsitatearen eta paisaiaren euskarri eta bermatzaile gisa, baita basamortutze- eta higadura-prozesuak geldiarazteko edo saihesteko duen gaitasunagatik ere.
