Cargando…

Solariak lege iruzur argi batean erortzen da berriro, bere proiektu fotovoltaikoak zatituz

Aste honetan amaitu da Solaria Zierbena eguzki instalazio fotovoltaikoen eta horien ebakuazio azpiegituren administrazio baimena eta ingurumen ebaluazioa jendaurrean jartzeko izapidea. Energia konpainiak joan den urtarrilean eskatu zuen horretarako baimena, UAGAk proiektu horiek aztertu eta alegazioak aurkeztu ditu. Administrazio prozedurak berehala eteteko, aldez aurreko baimena ukatzeko eta onura publikokotzat jotzeko eta aurkako ingurumen adierazpena egiteko eskatuz.

Argudio ugarik justifikatzen dute gure gaitzespena. Lehenik eta behin, enpresa berak aurkeztutako aurreko eskaerekin gertatu zen bezala proiektuak zatikatzeagatik, argi dago lege iruzurra dagoela horren atzean.  Proiektu horiek guztiak batera ebaluatuz gero, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak ez luke eskumenik ingurumen inpaktuaren ebaluazioaren espedientea izapidetzeko. Zierbena 400 kV-ko korapiloa, gainera, autonomia erkidego batean baino gehiagotan dago ezarrita eta izapidetze paraleloak ditu; beraz, Estatuko Administrazio Orokorrari dagokio izapidetzea.

Halaber, lege iruzurra dago ebakuazio linea gisa, garraio linea bat izapidetzean. Solariak ez ditu betetzen Sektore Elektrikoari buruzko 24/2013 Legeak izapidetzeko legez eskatzen dituen baldintzak, Red Electricoaren eskumen esklusiboa baita, sistemaren operadore bakarra delako.

Nekazaritza eta abeltzaintzako sektorearekin lotura zuzena duten gaiei dagokienez, Solariaren proposamenak 1.066 ha hartzen ditu nekazal laboreak dituzten lurzoruetan. Hala ere, Ingurumen Inpaktuaren Azterlanaren arabera, lehen sektoreari eskainitako lurren okupazioa ez da eragozpen bat eta, aitzitik, bertute bihurtzen da. Solariak beste behin ere, nekazal jarduerarekiko erabateko mespretxua erakusten du. Horrenbestez, dokumentuak ez du Nekazaritzako Eragin Sektorialaren Ebaluazioa aztertzen, Solaria Zierbena Solar 2, 3 eta 4 proiektuetan ez bezala. Hori, UAGAren iritziz, ulertezina eta onartezina da, kasu honetan proiektuak ez baititu hiru hartzen, baizik eta 19 eguzki planta, 9 azpiestazio eta 20 ebakuazio-linea.

Proiektuak nekazaritzan izango duen eragina ez aztertzeak talka egiten du EAEko administrazioak lehen sektoreari dagokionez dituen konpromiso eta araudien zehaztapenekin. Proiektua bateraezina da Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikako 17/2008 Legearekin, balio agrologiko handiko lurzoruaren babesari, ingurumenaren kontserbazioari – lurraren artifizializazioa areagotzea baitakar – eta nekazaritza eta basogintza erabileretatik kanpoko babes tresnei, bereziki azpiegitura elektrikoaren arloan.

Era berean, ez da ebaluatu Nekazaritza eta Basogintzaren LAPak jasotzen duen kategoria bakoitzaren gaineko eragina. Plan sektorial honek zenbait aldagai ezartzen ditu eta neurri horiek, ingurumen organoak ez ezik, ingurumen inpaktuaren azterketek ere aztertu behar dituzte. Akats hori ezin da konpondu ostera eta babesgabetasun egoeran jartzen ditu eragindako nekazaritza ustiategien jabeak.