Cargando…

Solaria urduri dago: gizarteak bere proiektuen aurka duen jarrera indargabetzeko kanpaina oldarkorra abiarazi du

Azken egunotan, Solariak bere makineria guztia martxan jarri du Arabako gizartea bere proiektuen aurrean agertzen ari den oposizioa menderatzen saiatzeko. Hainbat komunikabidetan ordaindutako publirerreportajeei hainbat iritzi artikulu gehitu zaizkie, informazio engainagarria duen liburuxka bat postontzietan banatu da eta “energia berriztagarrien aldeko plataforma” bat sortu du. Azken horretan enpresaren izenik agertzen ez bada ere, bideo bat eta elkarretaratze baterako deialdia zabaltzen saiatu dira Solariako langileak, azkenean bertan behera utzi behar izan badute ere.

Bere jardueretatik ateratzen den informazioa guztiz partziala eta engainagarria da, testuingurutik kanpoko datuekin eta beren planen aurka gauden erakundeei energia berriztagarririk nahi ez izatea leporatzen digute, “klima-aldaketaren aurkako borrokarekin, prezioen merkatzearekin eta subiranotasun energetikoa lortzearekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik”.

Berriz ere esaten diegu ez gaudela energia berriztagarriaren aurka, baizik eta makroproiektuak arautzerik gabe eraikitzearen aurka. Lurraldearen antolamendu egokirik gabe eta lehen sektorearen eta landa-ingurunean bizi diren pertsonen kontura planteatzen diren proiektuen aurka baizik. Subiranotasun energetikoaz hitz egiten dute, baina ahaztu egiten zaie elikadura-subiranotasuna, lehenengoa bezain garrantzitsua dela. Aipatu ere ez dute egiten gure kontura energia sortu nahi dutela, Arabatik kanpo eramateko.

Zergatik makurtu behar da nekazaritza eta abeltzaintza jarduera energia enpresen interesetara? Ez ditzatela herritarrak engainatu, ez dute guztion onerako egiten, ezta klima-aldaketagatik ere: helburu bakarra emaitzen kontua gizentzea da.