Eusko Jaurlaritzak proposatutako neurriak asmoen adierazpen bat dira, eta denbora behar dute gauzatu ahal izateko
Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua den Arantza Tapia EAEko nekazarien sindikatuekin bildu da gaur, lehen sektorearen krisiari aurre egiteko proposatzen dituen neurriak azaltzeko.
Tapiak epe laburrerako “talka neurriak” jasotzen dituen dokumentu bat aurkeztu du, hemen kontsultatu dezakezuna. UAGAren ustez, lantzen dituen alderdi asko ezin dira talka-neurritzat hartu, epe ertainean lan egitea baitakarte, eta epe laburrean ezin dira gauzatu. Adibide gisa, hiru lan-mahai sortuko dira. Mahai hoauek positiboak dira, negoziatzeko aukera ematen dutelako, baina denbora beharko dute alderdi guztien artean akordioak lortzeko.
Bileraren alderdi aipagarrienen artean, lurraldean energia berriztagarriak sortzeko elementuak ezartzeko hartu beharreko neurriak eta eragina aztertzeko mahai bat sortzea aipatu behar da. UAGAk, testuinguru horretan, nekazaritzako lurra kanpoko erasoetatik blindatzeko eskatu du. Bestalde, Jaurlaritzak konpromisoa hartu du URArekin lan-mahai bat antolatzeko, sektore-eskariei heltzeko, bereziki, ibai-ibilguak garbitzeko.
UAGAk, bestalde, zereal-sektoreari laguntzak emateko eskatu du, azpisektore honek azken urteetan izan duen errentagarritasun-jaitsieraren ondorioz. Eusko Jaurlaritzak proposamen hau aztertzeko konpromisoa hartu du.
UAGAk positibotzat jo du bilera, baina tentuz, lehen sektorerako neurri garrantzitsuak jarri baitira mahai gainean. Hala ere, ezin dira talka-planteamendutzat hartu, epe ertainerako lana behar dutelako. Ez da ahaztu behar datorren apirilean hauteskundeak izango direla, beraz gehienez ere Jaurlaritzak hiru hilabete iraungo du eta proposamen hauetako asko tintontzian gera daitezke.
