Cargando…

Batzar Nagusiek jarduera estrategikotzat jotzen dituzte nekazaritza eta abeltzaintza

Arabako Batzar Nagusiek aho batez onartu zuten atzo, Arabako Lurralde Historikoko nekazaritza eta abeltzaintza jarduera estrategikotzat jotzen duen mozioa. Araba Bizirik, Bionekazaritza eta UAGAk sustatutako, Elkarrekin Podemos taldeak aurkeztutako mozio honen azken helburua lehen sektorearen jarduera zaintzea da, eta ondorioz, nekazaritza lurra.

Mozioaren aurkezpenean, erakunde sustatzaileak Batzar Nagusien aurrean bildu ginen gure jarrera ikusarazteko.Onartu izana positiboa bada ere, ohartarazi genien ez dugula nahi ezertarako balio ez duten adierazpen instituzional huts horietako bat bihurtzea.

Mozioak landa-ingurunearen etengabeko arpilatzea gelditzeko balio izatea eskatzen dugu. Izan ere, egun energia-industriak mehatxatzen duen bezala, aurretik industrialdeek, AHTk, errepideek eta abarrek egin izan dute. Pertsonen beharrak eta gure herriei datxezkien jarduerak alde batera utziz.

Halaber, Lurralde Plan Partzialek, Nekazaritza eta Basogintzako Plan Sektorialak eta Nekazaritza eta Basogintzako Politikari buruzko 17/2008 Legeak nekazaritzarako ezartzen dituzten babes-tresnak aplikatzea eskatzen dugu. Horregatik, arau-garapenik ez dagoenez, lehen sektoreak lurralde-orekan izan behar duen eginkizun egituratzaile eta nagusi hori arriskuan jartzen duten azpiegitura-proiektuen izapidetze guztiak geldiarazteko eskatzen dugu.

Hemen ikus ditzakezu prentsa-oharra eta kontzentrazioan irakurri zen manifestua.