Dermatosi Nodular Kutsakorrari aurre egiteko prebentzio neurriak adostu dituzte Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiak
Aste honetan Gironan eta Frantzian Dermatosi Nodular Kutsakorraren kasu berriak ezagutzera eman dira eta administrazio guztiak gaixotasun hori ez hedatzeko prebentzio neurriak hartzera eraman dituzte. Behien exportazioa itxi du Frantziak eta Kantabriak adibidez,Torrelavegako merkatuaren jarduera eten du.
Atzo bildu ziren Eusko Jaurlaritza eta aldundiak, EAEn beharrezkoak diren prebentzio neurriak adosteko. Aurretik, UAGA Arabako Foru Aldundiarekin bildu zen egoeraren berri izateko eta bat gatoz prebentzionneurriak ezartzeko beharrarekin, gaixotasun hori agertzeak ustiategietan izan ditzakeen ondorioak direla eta.
Jaurlaritzak eta aldundiek abeltzaintzako azoka, lehiaketa eta kontzentrazio guztiak aldi baterako etetea erabaki dute azaroaren 30era arte, eta egun hori luzatu ahal izango da gaixotasunaren bilakaeraren arabera. Gainera, abeltzaintza sektorerako garrantzitsuak diren beste behar batzuk ere ezarri dira:
- Biosegurtasun-neurriak: abeltzaintzako ustiategietara bisitak mugatzea gomendatzen da, ustiategien artean langileen, makinen, ekipoen eta materialen erabilera partekatua saihestea, eta ibilgailuen eta garraio elementuen desinfekzioa eta desintsektazioa indartzea gomendatzen da.
- Bektoreen aurkako borroka: Animaliak intsektu hematofagoetatik (eltxoak, tanbanoak, kaparrak, etab.) babestuta mantentzeko eskatzen da. Halaber, instalazioetan eta garraiobideetan intsektizidak aplikatzea gomendatzen da, intsektuen ugalketa murrizteko.
- Animalien mugimenduen kontrola: Debekatuta dago gaixotasuna aitortu den eremuetako animaliak sartzea. Gainera, berrogeialdiak egin beharko zaizkie jatorri horietatik datozen ustiategietan sartutako behiei.
- Osasun zaintza indartua: Abeltzainei behi aziendaren eguneroko ikuskapena eskatzen zaie, arreta berezia jarriz buruko, sabelaldeko, errapeetako, besapeetako, genitalen eremuko, kolaren oinarriko eta beheko aldeko eta izterretako larruazaleko lesioei. Edozein susmo izanez gero, kaltetutako animaliak isolatu egin behar dira, eta berehala jakinarazi albaitaritza zerbitzu ofizialei.
Honekin batera doa gaixotasun horri buruzko azalpen-bideo bat. Aurretik argitaratzen dugun informazioa ere kontsulta dezakezu.
