Eusko Jaurlaritzak mahastizaintza eta ardogintzaren sektorerako laguntzak aurkeztu ditu Guardian, hauteskunde-kanpaina aprobetxatuz
Eusko Jaurlaritzak aste honetarako bilera bat deitu zuen Guardian, azken hilabeteetan iragarri diren laguntzak aurkezteko, mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektorearen krisi larria arintzeko. Laguntza horiek datorren asteko Gobernu Kontseiluan onartuko direla espero da.
Laburbilduz, lau ildo onartuko dira. Mahastizaintzaren sektoreari zuzeneko laguntza ematea eskaerarik aurkeztu beharrik gabe, eta irailetik aurrera kobratuko dela aurreikusten da; estatu mailan eman zen mahats-bilketa berdearen osagarri bat; upeltegietarako destilaziorako laguntza bat, eta sustapenerako laguntza, ardogintzaren sektorerako ere. Laguntza horiei buruzko informazio zehatza emango dugu, Gobernu Kontseiluak onartu ondoren.
Mahatsaren salerosketa-kontratuak ez betetzeagatik salaketak jartzeko aukera ere aztertu zen bileran. Prozesua ahalik eta errazena izan dadila sektorearentzat eskatu zuen UAGAk, eta salatzaileen identitatea babesteko, upeltegien errepresaliak saihesteko. UAGAk joan den asteko txingorrak kaltetutako ustiategietarako laguntzak ere eskatu zituen.
