Biarritzeko Lurrama azokara autobusa antolatu dute, azaroaren 7an
Azaroaren 7tik 9ra bitartean Lurrama azoka egingo da Biarritzen. Aurten nekazarien etorkizunaren beharrean jarri nahi du arreta, landa ingurua eta herri bizi baten eragile gisa duen eginkizuna azpimarratuz.
Euskal Herriko Laborantza Ganbarak (EHLG) antolatutako hitzorduak hainbat hitzaldi eskainiko ditu, belaunaldien arteko erreleboa, lurrerako sarbidea, prestakuntza, nekazaritzan diharduten pertsonen ongizatea, Euskal Herriko elikagaien berreskurapena edo Babestutako Jatorri Deiturak ardatz hartuta. Gainera, azokak hainbat jarduera eta nekazaritza azoka ditu.
Eusko Jaurlaritzak autobus bat fletatuko du lurralde bakoitzetik. Arabakoa azaroaren 7an irtengo da Arriagako aparkalekutik, goizeko 7: 30ean. Bertara joan nahi dutenek sbernedo@araba.eus helbide elektronikoan edo 945.181818 ext.52732. telefonoan jakinarazi dezakete.
