Cargando…

2025erako luzatu da Sasoikako Lanaren Arretarako V. Plan Integrala

UAGAk Eusko Jaurlaritzak koordinatzen duen Sasoikako Lanari buruzko Erakunde arteko Mahaiaren bileran parte hartu zuen aste honetan. 2023ko eta 2024ko memorietan jasotako ekintzak aurkeztu ziren eta azken kanpainetan egindako kudeaketak baloratu ziren, Sasoikako Lanaren Arretarako V. Plan Integralaren (2022-2024) helburuen barruan.

Bileran aho batez erabaki zen Plana 2025. urterako luzatzea eta udatik aurrera, beste bilera bat deitzea 2026., 2027. eta 2028. urteetarako Planari buruz hitz egiteko. Arreta berezia jarri nahi da patataren eta mahastiaren sektore eremuetan, horietan baitago langile eskari handiena.

Mahaian, sasoikako langileen kontratazioaren arloan sektoreari gehien eragiten dioten gaiari buruz eztabaidatu zen, zelaietan lan egiteko langile faltari buruz, hain zuzen.

UAGAk, Sasoikako Lanaren V. Arreta Planaren (2022-2024) iraunaldi honetan, nekazaritzako 735 ustiategiri eman die zerbitzua; 2.469 sasoikako langile koordinatu ditu eta 5.271 kontratu sortu ditu, 40.000 lanaldi egun erreal baino gehiago izan dituztenak.