Bihar, denok Gasteizera! Lehen sektore estrategiko baten alde. Araba defenda dezagun!!
Bihar larunbata, ekainak 1, gure lurraldea, nekazaritza eta abeltzaintza defendatzeko hitzordua dugu Gasteizen: UAGAk, Araba Bizirik-ek eta Bionekazaritzak deitutako manifestazioan. Energia berriztagarrien makroproiektuen etengabeko jarioarekin jasaten ari garen jazarpen sistematikoaren aurka gaudela erakusteko.
Bakarrik maiatzean 5 parke fotovoltaiko eta eolikoko beste baten baimen eskaerak argitaratu dira. Araba interes pribatuen plan industrializatzaile baten menpe jartzen ari dira, eta horrek eragin atzeraezina izango du, ez bakarrik lehen sektorean dihardugunon bizitzan, baita herrietako bizilagunen eta herritar guztiengan ere.
Proiektu horiek guztiak gelditzeko eskatzeko unea da. Kalean eta administrazioetan indar egin behar dugu. Denok behar zaituztegu. Horregatik, zoaz bihar, larunbata, 12:30ean Bilboko plazara (11:30ean Gamarrako Atean, zure traktorearekin bazatoz).
Zure zain gaude!
