Cargando…

Martxoaren 23a, landa-ingurunearen industrializazioaren aurkako mobilizazioa

Araba Bizirik-ek, UAGAk eta lurraldeko hainbat erakundek prentsaurrekoa eman dugu aste honetan, Arabako lurralde osoa industrializatzeko erasoaldia salatzeko, izan ere, inbertitzaileen eta energia enpresa handien esku jarritako baliabidea bilakatu da.

Hori dela eta, mobilizazio bat deitu da martxoaren 23rako, 13:00etan, Aldundiaren aurrean, “ARABA EZ DAGO SALGAI. LURRA DEFENDATUKO DUGU “. Administrazio Batzarrek, nekazarien kolektiboek eta espoliazio-prozesu masibo honen ondorioz ARABAren etorkizuna arriskuan ikusten duten pertsona guztiek parte har dezaten gonbidatzen da. Prozesu honen helburua pertsona guztien lurraldea enpresa kapitalista handien esku uztea da.

Protesta-ekintza honen bidez, energia sortzeko behar den garapena tokiko beharrizanei erantzunez egitea eskatu nahi dugu, modu parte-hartzailean, ekimenak energia-enpresen interes ekonomikoetatik etorri gabe. Egungo proiektuak ez daudelako guztion onerako bideratuta eta CO2 isurketak murrizteko pentsatuta. Iruzur handia da, Next Generation funtsen finantziazioak eta erakundeen konplizitateak bultzatuta, natura- eta landa-ingurunearen degradazio orokortura garamatzana.

Bestalde, UAGAk beste eremu batzuetan lanean jarraitzen du nekazaritzako lur emankorra defendatzeko Arabako eguzki-parkeen proposamen berrien aurrean. Ildo honetan, aste honetan errekurtsoak aurkeztu dira Gasteiz 1 eta Gasteiz 2 eguzki-parkeen proiektuen administrazio-baimenei dagokienez, bai eta Aragoiko 2 proiektu eolikoen energia husteko lineei dagokienez ere, Araba goi-tentsioko dorreekin bete nahi baitute.