Arabako erremolatxa sektorea botata utzi du Azucarerak
British Sugarrek (Azucarerak) laborea utzi du Araban. Joan den astean UAGAko kolektiboarekin bildu zen Azucarera datorren kanpainari buruz hitz egiteko. Hurrengo kanpainatik aurrera, Toroko fabrikara eramango dira erremolatxak eta garraioa kostuaren %70a nekazarien kontura izango dela jakinarazi zuten. Aurten bertan hartutako erabakiaren ostean, enpresak erremolatxa ehotzen utzi zuen Mirandan eta garraioak eragindako kostuak bere gain hartuko zituela esan zuen patronalak. Beste behin ere, Azucarerak ez ditu betetzen lehen sektorearekin dituen akordioak, aurrekoetan egin duen bezala.
Erabaki enpresarial berri honekin, erremolatxengatik eskainitako prezioekin batera, British Sugarrek praktikan esaten ari duena, gure erremolatxa nahi ez duela da. Gaur egungo prezioei, garraio kostua eta sektoreak jasotzen dituen laguntzak gehituta, hektarea bakoitzeko 1.000 euro baino gehiagoko jarri beharko lituzke nekazariek laborea ereiteagatik.
Lotsagarria da negozioa handitzeko laguntza publikoez baliatu den enpresa batek inolako eskrupulurik ez izatea laborariak abandonatzeko eta ekoizpena deslokalizatzeko. Erabaki horrek lehen sektorean eta landa garapenean dituen ondorioei kasu egin gabe. British Sugarrek azukre kanabera findegiratzera bideratzen du bere jarduera orain, baina ez bakarrik estatu iparraldean, Jerez de la Fronterako fabrikan ere ehotzeari utziko diola ere iragarri baitu. Gainera azukrearen kalitatea asko kaltetzen dela esan daiteke, izan ere, azukre kanabera hirugarren herrialdeetatik dator eta Europako estandarretik urrun dauden ingurumen arauekin eta lan baldintza eskasetan landatzen dutelako.
Horrekin guztiarekin, orain hasiko den 2025-2026 kanpainarekin, bukatutzat emango da Azucarerak orain dela mende bat baino gehiago, Arabako laborariekin hasitako harremana. UAGAk aspalditik salatu du British Sugar Mirandako azukre fabrikan sartzeak sektorearen gainbehera ekarri zuela. Erremolatxa labore estrategikoa izan da lurraldean, bai lurrarekiko egokitzapenagatik, bai laboreak txandakatzeagatik eta dauzkagun ureztatze azpiegiturengatik, erremolatxa bertan behera uztearekin gutxiegi erabiliko baitira.
UAGA alternatibak bilatzeko lanean ari da, datorren urtean ez baita erremolatxarik ereingo industria horretarako. Sindikatuaren lehentasuna ustiategien errentagarritasunari eustea da, lehen sektoreko ehunari eusteko helburuarekin, sektoreak gure herriei ematen dien biziagatik.
